- Ékolo
- Kontserbak
- 1152 views
Apiriletik ekainera bitartekoa da zainzuriaren sasoia. Garai horretan kontsumi dezakegu zainzuri zuria, freskoa, zein zainzuri berdea. Baina, zorionez, urte osoan zerbitza dezakegun produktua da, bere dohainak galdu gabe eta bere kalitatea kaltetu gabe. Ekolon oso ondo dakigu hori eta, horregatik, udan buru-belarri lan egiten dugu zuk urte osoan izan ditzazun zainzuriak kontserban. Baina ez edozein zainzuri, onenak baizik!
Izan ere, zainzuriek, elikagai diuretikorik onenaren ospea duten arren, beste dohain eta onura asko ere badituzte gure osasunerako. Eta, zer esanik ez, aukera anitzak eskaintzen dizkigute sukaldean. Zainzuriak nola prestatu jakin nahi baduzu, jakin ezazu prestatzeko modu asko dagoela. Zainzuriak bakarrik zerbitza ditzakegu -olio-ozpinetan esaterako-, edo osagai bezala erabil dezakegu entsalada freskagarri batean. Baina sutan prestatuta ere oso gozoak daude: plantxan, papillotean, haragi edo arrainen hornigai, barazki-menestra batean… Errezeta asko presta dezakezu zainzuriekin.
Ez du axola nola zerbitzatzen dituzun, edozein modutan izango baitira onuragarriak.
-
Diuretiko naturala:
Esan bezala, bere dohain diuretikoa da ezagunena; horregatik, oso onuragarria da giltzurrunetarako, organismoan dugun gehiegizko likidoa kanporatzen laguntzen baitigu.
-
Azido folikoa:
Azido foliko asko dauka eta, horri esker, zainzuria da haurdun dauden emakumeei gomendatzen zaien elikagaietako bat, horixe baita haur jaioberrietan arazoak ekiditeko gehien behar dituzten osagaietako bat.
-
Antioxidatzailea:
Antioxidatzaile natural indartsua da, beharrezkoa erradikal askeak neutralizatzeko; erradikal horiek zahartzea eragiten dute.
-
B vitamina:
Batez ere B12 bitamina asko dute; bitamina horrek garuna indartzen laguntzen du, eta garunaren narriadura kognitiboa murrizten.
Zergatik dira batzuk berdeak eta beste batzuk zuriak?
Ohiko galdera izaten da zergatik izaten diren zainzuri batzuk zuriak eta beste batzuk berdeak, eta zein den bien arteko aldea. Azalpena oso erraza da. Zainzuri zuriak lurpean hazten dira eta, argitasunik jasotzen ez dutenez, ez dute klorofila garatzen. Zainzuri berdeek, aitzitik, eguzkiaren argitasuna jasotzen dute, eta horregatik dute kolore berde hori. Hori bai, berdeak izan zein zuriak izan, zaporetsuak dira eta dohain berberak dituzte.