Koktelak zukuarekin eta alkoholik gabe

Koktela hartzea aisialdiarekin lotu ohi dugun zerbait da, eta batez ere udarekin. Badator eguraldi ona, oporretara goaz, eta koktel batez gozatzen dugu terraza batean. Oso gozoa, bai, baina normalean ez oso osasungarria: gehienak alkoholdunak izaten dira, eta azukre erantsi asko izaten dute.

Hala ere, koktel bat hartzea osasungarria ere izan daiteke; koktela prestatzeko erabiltzen ditugun osagaien araberakoa izango da hori. Zuku naturalekin egindako alkoholik gabeko koktelek itxura exotiko bera izango dute eta, aldi berean, gure osasuna zainduko dugu.

Hementxe uzten dizkizuegu koktel osasungarri eta erraz batzuk prestatzeko ideia batzuk.

Bloody Mary

Bloody Mary koktel klasikoa da; vodka da koktel horren osagaietako bat, baina alkoholik gabe ere har dezakegu. Funtsean, Bloody Mary tomate-zukua da, eta horri limoi-zukua eta espezia batzuk gehitzen zaizkio, piperbeltza eta tabaskoa kasu. Apain ezazu limoi-xerra batzuekin eta apio pixka batekin.

Mingrana-mojitoa

Eta ronik gabeko mojito bat? Bada, hori ere bai. Menda-orriak, lima eta soda bai, horiek erabiliko ditugu. Limoi-zuku tanta batzuk gehituko dizkiogu eta, nahi baduzu, azukre pixka bat bota dakioke, baina baita, horren ordez, eztia ere. Ron falta ordezteko, zukuren bat bota diezaiokegu, mingrana-zukua adibidez. Ukitu berezi eta ezberdina emango diozu mojitoari, eta betikoa bezain freskagarria edo are freskagarriagoa izango da.

Limonada marrubiekin eta jengibrearekin

Errezeta hau izugarri gustatzen zaigu! 100 gramo marrubi, jengibre freskoa zurituta eta 750 ml limoi-zuku beharko duzu. Ekoloren limonada-botila erabil dezakezue; era horretan, azukre beltzez gozotutako zuku naturala izanik, ez diozu azukrerik gehitu beharko, eta osasungarriagoa izango da. Ondo birrinduko dugu dena irabiagailuan, eta zerbitzatzeko menda-orri eta limoi-xerra batzuekin apain dezakegu edalontzia.

San Frantzisko

Badaude berez alkoholik ez duten koktel klasikoak ere. San Frantzisko da horietako bat, prestatzeko oso erraza den koktela. Nahikoa da laranja-zukua, limoi-zukua, anana-zuku pixka bat eta granadina koilarakada bat nahastea. Dastatzeko prest!

Little Pink Pearl

Hau ere ohiko koktela da koktel-taberna onenetan, eta San Frantzisko bezain osasungarria. Oraingo honetan arabisagar-zukua izango da oinarria, eta lima zukutua eta hortxata gehituko dizkiogu eta, jakina, ez dakiola izotzik falta.

Orain, eragin ondo koktel-ontziari eta gozatzera!

Product added to wishlist
Product added to compare.