- Ékolo
- Kontserbak
- 634 views

Lekaleak: Hotza iristearekin batera, koilara-jakiak jateko gogoa izaten dugu, eta horietako plater asko lekalez prestatutakoak izaten dira. Txitxirioak, dilistak, babarrunak… urteko edozein sasoitan jan ditzakegu, baita udan ere, baina egia da udazkenean eta neguan izaten dugula, batez ere, horiek jateko gogoa.
Eta gure organismoak eskertuko digu hori, lekaleek beste jaki batzuek ez dituzten dohain asko baitituzte. Gainera, lekaleak ekologikoak baldin badira, are osasungarriagoak, hobeto gordeko baitituzte beren dohain guztiak.
Jarraian, hainbat arrazoi emango dizkizuegu, lekaleak jatea zergatik den horren ona eta zuen dietan zergatik sartu beharko zenituzketen azaltzen dutenak.
Proteinak
Lekaleak harro ager daitezke proteina kopuru handiena duen landare-jatorriko jakia izateaz; proteinak beharrezkoak dira hazteko eta gorputzari energia emateko. Horregatik dira begetarianoen eta beganoen dietan presentzia handiena duten jakietako bat, pertsona horiek ez baitute animalia-jatorriko proteinarik kontsumitzen. Nutrizionistek gomendatzen dute astean bizpahiru lekale anoa kontsumitzea, betiere haragia, arraina eta arrautzak ere kontsumitzen baditugu. Horregatik, elikadura begetarianoa dutenek gehitu egin dezakete anoa kopuru hori, astean bost alditara.
Burdina
Burdina da gure organismoak behar duen beste osagaietako bat; mineral hori gabe, odolak ezingo luke oxigenoa organoetara behar bezala garraiatu. Horregatik, burdin gabezia dugunean, oso nekatuta sentitzen gara. Lekaleek, dilistek eta txitxirioek batez ere, gure burdin-mailari egonkor eusten laguntzen digute.
Beste mineral batzuk
Burdinaz gain, beste mineral asko ere badute lekaleek. Kaltzioa, fosforoa, magnesioa, iodoa eta potasioa ematen digute, besteak beste.
Zuntza
Lekale guztiek dute zuntz kopuru handia; horri esker, lekalez prestatutako platerak oso asegarriak izaten dira, eta heste-igarotzeari laguntzen diote.
Edozein jakirekin uztartzen dira
Lekaleak kontsumitzeko arrazoi guztiak ez dira osasunarekin lotutakoak. Ez dugu ahaztu behar sukalderako erabilera askoko elikagaia dela; era guztietako barazkiekin uztar ditzakegu, baina baita haragiarekin, arrainarekin eta zerealekin ere.
Ez gaitezen konformatu betiko gisatuarekin! Horren ohikoak ez diren errezetak presta ditzakegu; hala nola potxak txirlekin, txitxirioak oilaskoarekin eta dilistak sepiarekin. Eta lekaleak zerealekin uztartzen baditugu, plater erabat osoa lortuko dugu. Zer deritzozue dilistak arrozarekin edo txitxirioak kinoarekin?
Gure zopa eta pureetan ere gehitu ditzakegu lekaleak; are, plater freskagarriagoak presta ditzakegu, hotzik egiten ez duenerako. Argi dagoena da, prestatzen ditugun modua gorabehera, lekaleak beti izango dira oso aukera osasungarria.