- Ékolo
- Fruta-Pureak
- 651 views

Plater Osasungarriak: Gabonek, mahaiaren inguruan une kuttunak bizitzeko aukera ekartzen digute: laneko afariak, lagunartekoak, familiako afari eta bazkari oparoak…
Asko jan ohi dugu egun horietan, gustura eta inolako ardurarik gabe egoten baikara. Hala ere, plater gozoz betetako mahai eder batez gozatzea eta elikadura osasungarria bateragarriak dira. Horretarako menua ondo planifikatzea eta mahaian zenbat lagun elkartuko garen kontuan hartu behar dugu. Ez gero lagun kopuru bikoitzarentzako janaria prestatu “gosez geldituko ote garen” beldur.
Hona hemen ideia osasungarri batzuk Gabonetako jan-edanekin familia osoak betekada izan ez dezan:
-
Sarrerakoak
Sarriatan zizka-mizka astunez bete ohi dugu mahaia.
Ez ahaztu sukaldean ere “gutxiago gehiago dela”. Saia zaitez zizka-mizka arinagoak jartzen, frutaz eta barazkiez egindakoak; horrela plater nagusira iristerako beteta izatea ekidingo dugu. Broxetak, esaterako, oso aukera egokia dira eta joko handia ematen digute. Fruta, gazterekin edo eta itsaskiekin nahastu dezakegu. Barazki-broxetak ere aukera egokia dira. Saihetsi betiko kanapeak ere, zenbat eta ogi gutxiago sarrerakoetan, orduan eta gutxiago beteko gara. Tomate beteak (hegaluzea, perretxikoak, urdaiazpikoa…), muskuiluak ozpin-oliotan, izokin-bilkariak… aproposak dira hasteko, afarietan batez ere.
Halaber, sarrerakoetarako jaki diuretikoak aukera ditzakezu, hala nola orburuak edo zainzuriak; jaki horiek gorputza garbitzen lagunduko digute, inoiz baino behar handiagoa dugun garaian. Zizka-mizka ezin hobea dira zainzuri zuriak ozpin-olio soil batekin edo mahonesa apur batez lagunduta. Zainzuri berdeak nahiago badituzu, dastatu gainerreta, edo besterik gabe plantxan, urdaiazpiko pixka batekin bilduta. Eta plater prestatuago bat nahiago baduzu, presta itzazu orburu batzuk marinel erara egindako txirlekin. Itxura ederra emango diote zure mahaiari!
-
Hornigaiak eta saltsak
Batzuetan osagai nagusia, haragia zein arraina baino, garrantzitsuagoa izaten da jaki hori nola prestatzen dugun eta zein lagungarri gehitzen diogun. Maiz, plater bat pisutsu egiten duena saltsa edo hornigaia izaten da.
Haragia plantxan edo arraina labean oso aukera osasungarriak dira, baina lagungarriaren araberakoa izango da digeritzen erraza ala ez. Hornigai gisa piper erreak, patata erreak edo egosiak edo shittake perretxikoez egindako salteatuak ditzakegu, besteak beste.
Frutaz prestatutako saltsak ere oso ondo doaz haragi-plater batzuekin. Jar itzazu sagar-konpotarekin edo eta mahatsarekin; Zein gozoa!
-
Azken-burukoak
Turroia, mazapana eta polboroiak jateko garaia dugu. Urte osoa eman dugu Gabonetako gozo-gauzak jateko zain, baina ez dugu zertan tableta osoa jan beharrik ere. Tentagarriak direnez, hoberena erretilu batean gozo-gauza zatitxoak ateratzea da. Bazkalostea edo afalostea luzeak izan ohi direnez, tentazioa begi-bistatik kenduz gehiegikeriak eta betekadak saihestuko ditugu.
Bestalde, Eguberriotan gozo-gauza osasungarriagoak ere aukera ditzakezu; erosi azukre gutxiko turroiak edo presta itzazu zuk etxean.
-
Edariak
Argi dago Gabonetako egun horietan xanpain kopa batekin topa egin nahi izaten dugula, baina ez dago zertan otordu guztia xanpaina edan beharrik.
Alkoholdun edariek, janaria astunagoa egingo dute; hartaz, saiatu gehiegikeriarik ez egiten. Aukeratu osasungarriagoak eta freskagarriagoak diren beste edariak. Prestatu alkoholik gabeko sangria edo limonada edo frogatu gure zukuetako bat; zapore asko duzu aukeran.
Eta kafea eta kopa hartzeko unea iristen denean, frogatu alkoholik gabeko koktelen batekin. Amaiera bikaina Gabonetako otordu osasungarri baterako.