- Zukuak
- 584 views

Mahatsak sukaldean: Irailak ezaugarri berezi bat du: mahats-bilketa hasten da. Mahatsondoetan sortzen den mahatsa biltzeko garaia izanik, beraz, udazkena da sukaldean mahatsa erabiltzeko urtarorik onena. Mahatsarekin gure platerak gozatzeaz gainera, mahatsaren propietate guztiei etekina aterako diegu.
Eta gozatu esaten dugu mahatsa delako frutarik gozoenetako bat, nahiz eta, aldi berean, ur ugari duen (% 80 inguru) eta horri esker zukututa ere har daitekeen. Mahats zukuak gure immunitate-sistema indartzen laguntzen du, eta ezin hobea da, beraz, defentsak jaisten zaizkigun urte-sasoi honetarako.
Mahats-zukua osagai ona izan daiteke haragi-platerak (esate baterako, albondigak) edo arrain-platerak (txipiroiak plantxan, lupia labean erreta, …) osatzeko saltsak prestatzeko.
Arroza eta mahatsa ere ezin hobeto uztartzen dira. Kasu honetan mahats-zukua erabil dezakegu arroza egosteko, edota mahats-aleak osorik platera apur bat dotoretzeko.
Haragi zurien edo gorrien, arrain zurien edo urdinen goarnizio moduan, edo entsaladari gehitzeko. Labean erreta, zartaginean salteatuta edo zuzenean, besterik gabe, freskoa. Egia esan, mahatsa edozein eratara erabil daiteke.
Ezin hobea da aperitiboei ukitu berezia emateko: tostada gainean jar itzazu gazta eta intxaur batzuekin. Eta mahats-aleak handi samarrak badira, gazta eta intxaurrez bete ditzakezu. Guztiz originala!
Orain arte bururatu izan ez bazaigu ere, mahatsa ez da postrerako bakarrik, nahiz eta postrean ere jan daitekeen, jakina. Eta mahatsa ez denez, egia esan, gozogintzan gehien erabiltzen den fruta, postreetan mahatsa erabiltzeko modurik onena betiko errezetei ukitu ezberdina ematea da: presta ezazu mahats-konpota zure gazta-tarta apaintzeko; sagarren ordez erabil itzazu mahatsak zure tartan; etxeko izozkia izugarri gustatzen bazaizu, egin ezazu mahats-izozkia, ez zara damutuko!
Nola egin mahats-pasak
Mahatsa deshidratatuta ere jan daiteke, mahats-pasa esaten diogu eta bi aukera ditugu: betiko supermerkatuan edo dendan erostea edo geuk prestatzea. Mahats freskoa etxean lehortu dezakegu, azken batean, aleei ura kentzea baino ez da. Nahikoa da burdin sare batean jarri eta egun batzuetan eguzkitan uztea. Gogoan izan gauez etxe barrura sartu behar dituzula hotz handia egiten badu hurrengo egunera arte. Mahatsak 3 egunetik 10 egunera bitartean behar du lehortzeko, tenperaturaren eta eguzkiaren indarraren arabera.
Horixe da mahatsa lehortzeko modu naturala; egia da bero artifizialetan ere jar ditzakegula aleak, hau da, labea edo mikrouhin-labea erabil dezakegu beroa emateko. Era horretara, prozesua askoz ere azkarragoa izango da, eta ordu batzuetan mahats-pasak jateko moduan izango zara.
Jogurtarekin edo entsaladan jan ditzakegu, edota beste edozein errezetatan erabil ditzakegu, lehen aipatu dugun bezala, mahats-pasak edozein plateretan baitira ongietorriak, mahats freskoa edo zukutua bezala. Erabil ezazu mahatsa zure dietan!