- Ékolo
- Fruta-Pureak
- 763 views

Presak ezustean harrapatzen gaitu goizean eta eguneko jatordu nagusi bat aintzat ez hartzea eragiten du edo, okerragoa dena, osasungarriak ez diren gosariak aukeratzea. Zereal ultraprozesatuak, opilgintza industriala, azukre kantitate handiarekin egindako gailetak… goizetan etxe askotako mahaietan maizen aurkitzen ditugun produktuetako batzuk dira. Baina egia esan, gosari osasungarri bat egiteko modu asko daude eta halakoak ez direnek adina denbora emango digute. Horregatik, aholku batzuk eman nahi dizkizuegu egunari gosari osasuntsu, elikagarri eta gure eguneroko zereginak egiteko energiaz kargatuko gaituen batekin ekiteko.
Marmelada
Marmelada oro har gosariarekin lotzen den produktu horietako bat da. Produktu bat osasungarria izan daiteke ala ez, dena egongo da aukeratzen dugun marmeladaren mende eta zerekin hartzen dugun. Marmeladaren oinarria fruta da, beraz zuntza eta mantenugaiak ematen dizkigu, baina beti da hobe artisau-marmeladak aukeratzea industrialak baino. Azken horiek, kontserbagarriez gain, aparteko azukre erantsiak edukitzen dituzte, askotan kalitate txarrekoak izaten direnak; hortaz, aukera hori ez da hain osasungarria izaten.
Era berean, kontuan izan behar da marmelada nola kontsumitzen dugun. Zekale osoko ogi-xerra baten gainean edo arroz-cracker batzuetan har dezakegu. Baina moldeko ogi txigortu industrial bat edo irin finduekin egindako ogi zuri txigortu bat osatzeko erabiltzen badugu, aukera hori ez da hain osasungarria izango.
Beraz, marmelada atsegin baduzu, aukeratu osasungarri eta naturalagoa izango den artisau bat, gosarian edo hortik kanpo, marmeladak ez direlako gosaritarako soilik.
Olioa
Oliba-olio birjina estra era askotan egon daiteke gosari osasungarri batean, bai ogi-xerra baten gainean olio-zurrusta bat eta beste osagai batzuk jarrita (tomatea, ahuakatea, izokin ketua…), bai jarraian planteatuko dizuegun proposamenen bat prestatzeko, hala nola arrautza nahasi batzuk. Hori bai, aukeratu oliba-olio birjina estra on bat, eta ekologikoa eta artisaua bada, hobe.
Lekaleak
Lekaleek propietate asko dituztela eta gure dietan sartu behar dugun elikagai bat direla denok dakigun zerbait da. Baina ez gaude hain ohituta horiek gosarian ikusten. Egia da ez gaudela horretara ohituta, baina Ingalaterran eta beste herrialde batzuetan babarrunak gosaltzen badituzte, zergatik ezin dugu hemen egin? Baliteke goizean lekale-lapikoko bat ez jan nahi izatea, baina txitxirioak hummus moduan hartzen baditugu eta ogi txigortu batean igurzten badugu, badu gosari baten antz handiagoa, ezta?
Arrautzak
Arrautzek erabilera asko dituzte sukaldean eta horiek prestatzeko zenbait era daude, denak gosaritarako bikainak: arrautza nahasi batzuk, erre-arinak edo tortillan. Arrautzak etxeko opiltxo batzuk egiteko ere balioko digute, olozkoak, adibidez.
Fruta
Eta fruta ez dadila falta! Zatitu eta katilukada jogurt batean gehitu dezakezu, kinoa-krema gozo batean edo olozko morokil batzuetan. Nahiago baduzu, har ezazu prestatuta (sagar-konpota, udare-konpota, aran-konpota) edo zukututa. Baina zuku gisa gosaltzea erabakitzen baduzu, ihes egizu fruta-kontzentratu eta -nektarretatik eta aukeratu % 100 naturala den fruta-zuku bat. Gosarietan gehien gomendatzen diren zukuak arazgarrienak dira, hala nola pomelo-zukua edo limoi-zukua. Baina beste edozein zapore ere onargarria da, baldin eta osasungarria bada. Orain gosaldu egin nahi duzula?