Opor ondorenerako detox errezetak

Oporretan, gorputza erlaxatu egiten da, eta urtean zehar uko egiten diegun gutizia batzuez gozatzeko garaia izaten da. Gabonak, uda, Aste Santua… berdin dio zer garai den; oporretan gehienok egiten ditugu gehiegikeriak eta, horregatik, egunerokotasunera itzultzen garenean dieta garbigarriren bat egitea komeni da. Gure organismoak pilatutako toxinak kanporatu beharra dago, eta hori ez da horren zaila ere. Gure gorputzari garbiketa osoa egiteko elikagai egokiak eman behar dizkiogu, besterik ez. Kontua da jaki garbigarriak prestatzea; garbigarriak izanagatik, baina, goxoak ere izan daitezke. Jarraian, zenbait detox errezeta proposatzen dizuegu, egunerokotasunerako itzulera errazagoa izan dakizuen.

– Orburua

Elikagairen bat benetan garbigarria bada, orburua da hori, gibelaren funtzionamendua erregulatzeko ezin hobea. Antioxidatzaile asko dauka, eta oso diuretikoa da; oporretan pilatutako toxina guztiak kanporatzen lagunduko dizu. Era askotara jan daitezke, gainera. Entsaladan jar ditzakezu udan, eta krema eta zopatan neguan. Eta ez ahaztu betiko errezetak -oso goxoak daude urdaiazpiko pixka batekin– eta betikoak ez direnak -izugarri gustatzen zaizkigu orburuak txirlekin-. Labean edo arrautza-irinetan pasatuta ere bikainak daude, eta menestra batean jartzen badituzu, ikusiko duzu zeinen zapore ederra ematen dieten gainerako barazkiei.

– Zainzuriak

Berdeak eta zuriak daude, eta edozein eratan daude goxo-goxoak. Zainzuriak antioxidatzaile natural bikainak dira, azido foliko eta B bitamina asko dute baina, batez ere, oso diuretikoak dira. Ez da prestaketa handirik behar zainzuriak jateko. Plantxan edo egosita oliba-olio zurrusta batekin, gozoaren gozoz hatzak miazkatzeko modukoak. Baina hona hemen ideia gehiago: labean gainerreta, beste barazki baten betegarri gisa, pasta plater baten edo edozein entsaladaren osagai gisa. Ez duzu aitzakiarik barazki osasungarri hau ez jateko!

– Zitrikoak

Ur kopuru handia dute; bere ezaugarri diuretikoei esker, pisua kontrolatzeko dietetan elikagairik gomendatuenetakoak dira. Laranjek edo mandarinek, baina batez ere limoiek eta arabisagarrek, likidoak kanporatzen laguntzen digute, eta guztiek eskaintzen digute sukaldean prestatzeko aukera ugari. Ez pentsatufruta-alea osorik edo zukua eginda hartzea direnik aukera bakarrak. Ondu itzazu zure platerak limoiaz edo arabisagarraz, edo jar itzazu laranja edo mandarina atalak zure entsaladetan.

– Mahatsa

Mahatsa ere oso fruta garbigarria da, eta zitrikoak bezala, oso ondo uztartzen da plater askorekin. Erabil ezazu mahatsa haragi eta arrain plateren hornigai gisa, jar ezazu risotto batean, edo osatu ezazu mahatsez azken-buruko bat, jogurt mousse bat esaterako. Eta gosaltzeko, mahats-zuku eder bat.

– Ziazerbak (espinakak)

Nabarmentzekoa da duten burdin kopuru handia baina, gainera, beste dohain asko dituzte; esaterako, jarduera metabolikoa hobetzen laguntzen dute. Beraz, sar itzazu ziazerbak zure dietan. Presta itzazu tortillan edo nahaskian, ganba eta baratxuri fresko batzuekin, edo presta ezazu lasagna bat. Txanpiñoi eta arbendolekin egindako ziazerba salteatuak hornigai ezin hobeak dira edozein arrain plateretarako.

Eta garrantzitsuena: dieta garbigarriarekin batera, bizitza-estilo osasungarria. Oporretan ohikoa den egoneko bizitza baztertzeko garaia da.

Product added to wishlist
Product added to compare.